XX. mendeko Euskararen Corpus estatistikoa

Testuingurua

Mapa politiko berria Nafarroan

MAIATZAREN 28ko hauteskundeen ondoren, Nafarroako Parlamentuan mapa politiko berria agertuko da, batez ere CDNren partehartzeagatik.

Lehen begiratuan zenbait herritarrentzat kezkagarria izan daitekeen hori, berez on da, gehiengo absolutuek, alde bateko zein besteko izanagatik ere, sentsibilitatea galdu eta, esan ohi denez, dena aurretik eraman ohi dutelako.

Nafarroa dibertsoa da kulturaren ikuspegitik eta, beraz, on da Parlamentuan berezitasun horiek bereizten jakingo duena egotea, nafar guztiak barne hartuko dituen nafartasun kontzeptua sortzeko neurriak aplika ditzan.

CDNk bai Nafarroa integratu batekin identifikatuta dauden nafar guztien botoak bai Erriberan, Mendialdean edo Erdialdean dauden desberdintasun kulturalak errespetatzen dituztenenak jaso ahal eta behar ditu; horregatik, ez da harritzekoa gainontzeko alderdi politikoak kezkatuta egotea.

CDNko botoemaileak nafar toleranteak dira, integratzaileak, ilusioa dute ingurugiroa, bizi-kalitatea, ongizatea zainduko dituen eta desberdintasun kultural eta linguistikoak errespetatuko dituen Nafarroa eraikitzeko, eta nafar horiek asko dira.

Orain arte jakinarazitako datuak itxaropentsuak eta positiboak dira alderdi politiko berriarentzat eta, horien arabera, botoak alderdi guztietatik jasoko ditu,

alegia honako hauen botoak jasoko du: UPN PPrekin batzearen aurka zeudenena, UPNk erantzunik ez diela ematen uste dutenena, Juan Cruz Alli litekeen Nafarroako gobernuburu onena dela pentsatzen dutenena, nazionalista izan gabe eta erabiltzen duten hizkuntza euskara errespeta dezaten nahi dutelako botoa alderdi nazionalistei ematen dietenena, inoiz ere betetzen ez diren promesez aspertuta daudenena.

CDNk zer-nolako ordezkaritza parlamentarioa izango duen herritarrek erabakiko dute, baina CDNk behar adinako sentsibilitatea izan du herritarren nahiei erantzuten dieten pentsamenduak, jokaerak eta jarrerak bere baitan hartzeko eta, horregatik, oso erantzun ona jasotzea espero du.

EAk ordezkaritza gal dezake Parlamentuan sondaketak betetzen badira: UPNk gehiengo absolutua izateko posibilitatea galduko du eta boto gehien jasoko duen alderdia izateko itxaropena du; PSOEk bere hautesleen zati bat galdu du nazio osoan izan duen prestigio galtzearen ondorioz;

baliteke IUk gora egitea baina igotzeko joera hori eten egin da; CDNri dagokionez, azkenik, baliteke bigarren alderdi politikoa izatea, UPNtik oso hurbil.

Berriro ere hautesleek, jakintsu baitira, Nafarroan mapa politiko berria sortuko dute, alderdi politikoak Nafarroa 2.000. urtera begira prestatzeko irudimenez jokatzera eta horretan ahalegintzera behartuko dituena.

Juan Cruz Allik keinuez gain nafar askorengan itxaropena eta ilusioa sortu duen politika egin du, nafarren interesak bera militatzen ari zen alderdiaren interesen aurretik jarriz, eta horrek alderdi horretako hautagai izenda ez zezaten ekarri zion.

Mapa politiko berri honek gauza on bat izango du, alegia CDN Parlamentuan indar integratzaile gisa sartuko dela, bere eginkizuna Parlamentura alderdiaren beharrak eta interesak gabe herritarrenak eramatea izango dela.

Horrek beste alderdietatik sortutako deskalifikazioak ekarri ditu, beldur baitira herritarrek Juan Cruz Alli onartzeak ez ote dien ekarriko hauteskundeetan aukera gutxiago izatea.

Inkesten emaitzen zain egon beharko dugu; ez, ordea, beste alderdiek diotenaren zain, beren interesei jarraituz garrantzi gutxi ematen baitiote Nafarroan Juan Cruz Alli izan den fenomeno politikoari.

Luis IBERO ELIA

CDN-ko KIDEA

Erredakzioan itzulia